XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

34. Ternuako balenketa eta Euskal Herria.

Badirudi, arakatutako dokumentuek halaxe frogatzen dute behintzat, XVI. mendearen bigarren erdialdean, euskaldunen balenketa puri-purian dagoenean hain zuzen, areagotu egiten direla auziak eta gatazka sozialak Euskal Herrian.

Arrantza (balenketa ere barne) ekonomiaren osagarri izatetik lehen mailako iharduera izatera pasatzen da urte haietan.

Munta hartako enpresak eskatzen zituen kapitalak eta finantz arazoak direla eta, atonketa nahiz partaidetza ekonomikorako sistemak aldatu egiten dira.

Besteak beste, jantziak, untzien neurriak etab., ondorioz, desberdintasun sozialak areagotuz.

Dirubide ederra zen balenketa, inbertsio ona benetan; eta merkatariek ez ezik bertako nobleek ere, hantxe enplegatuko zituzten beren kapitalak, mozkinak ugaltzeko asmoz.

Honen ondorioz, lumera eta balenbizarrak merkaturatzean makina bat auzi sortu zen ez inbertsiogileen beraien artean bakarrik, baita tripulaziokideen artean ere.

Mailegu-emaileek bezala zamaren aseguratzaileek edota armadore guztiek atera nahi omen zioten beren zukua inbertitutakoari.

Aurregastuak eta negozioaren arriskuak itzelak zirelako aitzakian, irabazi altuak eskatzen omen zituzten.

Eta egia esan, gastu horiek ez ziren txantxetakoak izango: atonketaz aparte, portuak ere konpondu eta handitu beharrean zeuden, untzi gehiago eta handiagoak portura zitezen.

Baina mozkinak ere ez ziren huskeria bat.

Untziak 1000tik 2000ra barrika eramateko gauza ziren, eta upela bakoitzak gordetzen zuena (200 kilokoak ziren gutxi gora behera) 8 dukatetan saltzen zen.